Pazifismo feministaren minbiziza beste zerbaitetan datza: patriarkago eta kapitalismoaren arteko sinbiosia eta sinbiosi horren barruan indarkeriak daukan garrantzia ulertzeko ezintasunean, hain zuzen. Patriarkagoak, gizonak emakumeari hiru milaurtekoan zehar pairarazi dion zapalkuntzak bera iraunarazi, babestu eta sendartzen duen inguruabar sozioekonomikoa behar du; horregatik aipatu dugu sinbiosia. Gure ustez, patriarkagoak ez dauka berak bakarrik irauterik. Baina kapitalismoak ere -beste garai batzuetan beste forma sozialek bezala- emakumearen urrupakuntza behar du, eta horregatik interesatzen zaio patriarkagoarekiko aliantza sinbiotikoa. Emakumeok pairatzen ditugun indarkeriak sinbiosi horretatik sortzen dira eta berori sendartu egiten dute aldi berean.
Indarkeriez -ez indarkeriaz- mintzo gara, aplikazio eta helburuei dagokienez ugariak baitira, sorburua bakarra izan arren: sinbiosia. Baina aldez aurreko tesi bat hartu behar dugu abiapuntu: historia ofizialak balio ez digun bezalaxe, indarkeriaren definizio ofizialak ere ez digu balio. Ez digu balio, benetako historia ezezik sistema patriarkar-burgesak erabiltzen dituen tresnak ezkutatzen dituen pentsamolde ofizialak. Sistema horrek, gainera, Espainia eta Frantziako estatuen zuzeneko eskuhartzea behar du irauteko.
Indarkeriez mintzo gara, jaio ginenetik gizonezkoek jasaten ez dituzten presio eta mehatxu zehatzak pairatzen ditugulako. Euskal Herrian gizonek jasaten dituzten indarkeria mota biez gain -indarkeria desnazionalizatzailea eta klase indarkeria- guk genero indarkeria ere nozitzen dugu. Eta indarkeria horiek berezko jitea hartzen dute gure kasuan; hau da, hiru bortizkeria multzo handi horiez gain, guk badaukagu zer gehiago jasan: guk geure militantzia-kideen aurrean ere aldarrikatu behar baititugu gure eskubideak. Ez al ditugu salatu behar gure inguru abertzalean pairatzen ditugun jazarpen sexuala eta gainerako eraso ugariak?
Baina hori arazoaren alde bat besterik ez da. Horrez gain, emakumeok gizon zapalduek baino zorrotzago jasaten dugu Espainia eta Frantziako estatuen iharduna indarkeria desberdinen zentralizazio estrategikoan eta aplikazio taktikoan. Aurrera jo baino lehen, beharrezkoa da zehaztea jasaten ditugun indarkeriak modu eta edukin ugariz gauzatzen direla, baina hala ere, funtsean, ezaugarri amankomunak dauzkatela: estatuko botereak eta honek sortzen dituen legeak iratxekitzen dieten batasuna. Esaterako: gure eguneroko bizimodutik hain urrun dauden aurrekontuek, edo estatuarteko politikaren tajuketak izugarrizko eragina daukate -askoz geroago somatzen ez badugu ere- gure bizimodu eta miserietan. Zeresanik ez, beraz, berehalako eragin nabaria daukaten beste neurri soziopolitiko, sozioekonomiko eta soziokultural batzuez.
Espainia eta Frantziako estatuek edota hauen menpeko azpibotere erregionalek ezartzen dituzten neurri multzoetarik, badago bat gordintasun bereziz ukitzen gaituena: nazio zapalkuntzaren iraunarazpena, hain zuzen. Neurri horiek ez gaituzte guztiok berdin ukitzen. Emakumeok bizikiago nozitzen ditugu hiru arrazoi hauengatik:
Lehenengo eta behin, autogobernu maila handiagoa lortzen ez dugun bitartean -eta horretarako, ahalik eta lasterren bereiztu behar gara bi esatuetatik- ezinezkoa delako botere patriarkarraren aurkako borrokan urrats sendoak ematea.
Bigarrenik, bien bitartean, zapalkuntza globalaren ondoreak geuk, katearen azken maila garenok, jasaten ditugulako.
Eta azkenik, atzerriko okupazio taldeen -eta zipaio erregionalisten- basakeria matxista eta sexistak tortura bereziez erakusten duelako emakume militante abertzaleenganako gorrotoa.
Arrazoi hauek ez dira aitzakia gizon abertzaleen gehiegikeriak eta erasoak salatzeko eta bestelako erreibindikazioak aldarrikatzeke uzteko. Aitzitik. Haiek euren bertutetzat hartzen duten hori geuk ere egiten badakigula erakusten diegunean, gure burubalioespena areagotu ezezik beraien ustezko nagusitasunari kolpe gogorra ematen diogu. Izan ere, geure burua defendatzen badakigula erakustea da helburua, bai eta, beharrezkoa denean, defentsazko indarkeria erabiltzen ere.
Behar izanez gero edozein bide erabiliz geure burua defendatu ahal dugula eta defendatzen dakigula erakustea da xedea. Edo errespetatzen gaituzte -zenbait gai eta egoeratan gure beldur izaki bada ere- edo suntsitu egingo gaituzte.
Guztiok ezagutzen dugu etxean, lanean, e.a.en baldintza jasanezinak pairatzen dituzten emakumezko lagun eta senitartekorik, beldurrak gerarazirik daudenak, babesgabetasunak eta menpekotasun ekonomikoak harrapaturik, etsipenean murgildurik eta bizitzeko inolako ilusiorik gabe. Jakin badakigu burubalioespenak eta autodefentsa zein autogobernurako gai garela sentitzearen harrotasuak -botereak ukatzen eta galerazten digun horrexek- guretzat daukaten garrantzia. Bada, autodefentsa-bideak desberdinak eta arriskuak aldakorrak diren arren, finean indarkeria maila desberdinak baliatzen ditugunean
-sexualki jazartzen zaigunari ostikoa joaz edo zipaioen aurrean giza katea eginez- trukean bulkada edo kolperen bat jasotzen bada ere, bere pribilegiorik handienetako bat, indarkeriaren monopolioa, ukatzen ari gatzaizkio sistema patriarkar-burgesari. Eta zenbat eta defentsazko indarkeria oldarkorragoa erabili orduan eta handiagoa da ukapena.
![]() |